XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errukarria bakarra, jausten ba'da: ez dauko jaso dagianik. (Eklesiastes, IV, 10)

Carlos esaten zioten gizonak bazekien itsaso izoztua amets-irudi bat besterik ez zela, eta bazekien ere zeren halaxe adierazten baitzion zakarki bere kontzientziaren ahotsetako batek, ez zuela lozorro hartan jarraitu behar, edo areago, jaiki egin behar zuela etzanda zegoen sofatik eta hoteleko behe-saloira jaitsi han bere adiskideekin biltzearren, hain zuzen ere iluntzen ari zuelako eta hastear egongo zelako astelehen hartan, 1982ko Ekainak 28, poloniarrek jokatu behar zuten erdi-finaletako partidua.

Ordea, ametsean ikusten zuen itsaso izoztuak harritu egiten zuen bere zerebroaren zati erabat esnatu gabekoa, eta zati horrek begiak itxita jarraitzeko gogoa sortzen zion erorketa inpresio atsegin baten bitartez; iruditzen zitzaion itsasora erortzen ari zen harria zela, asteroide baten antzeko zerbait-edo, eta ur izoztuek, auskalo zein paradoxaz, epeltasun goxo bat gordetzen zutela beraien baitan, eta prest zeudela izotz geruzan zuloa egiteko bera handik barrena murgil zedin.

Edonola ere, nahiz ukitzeraino hurbildu itsasora, azkenean ez zen urarekin kontakturik egon.

Aurrez, ametsaren aldaketa bat zela-eta, saguzarraren antzeko txori handi bat bezala ikusi zuen bere burua: hegaka zihoan uraren gainetik poliki baino polikiago, eta mirestu egiten zuen bere pizti-begiek ematen zioten ahalmen berriarekin elurraren txuritasuna eta itsasoak une hartan zeukan lautada birjinaren irudia.

Carlosek, sofan areago etzanez, egunaren azken eguzkia jasotzen zuen leihoari bizkarra emanez egokitu zuen bere gorputza.

Ez zuen esnatu nahi, eutsi egin nahi zien amets-irudi haiei.

Bestalde, itsasoaren sakonetik orkesta batek interpretaturiko doinua iristen zitzaion, eta hori ere laguntza zen, sosegua soseguaren gainean.